Hemen zaude: Hasiera / Albisteak / Arabako otso-zuloak

Arabako otso-zuloak

2017/07/18 13:06
Aitor Ibañez de Garatxanak Arabako otso-zuloei buruzko artikulua idatzi du ZingiZangoren irakurleentzat.
Arabako otso-zuloak

Arabako otso-zuloa (GADEN)

Araban daude Euskal Herriko bi otso-zulo bakarrak eta ZingiZangoko irakurleak horiek ezagutzera animatzen ditugu.

Otso-zuloak otsoak ehizatzeko tranpak dira. Harrizko bi harresi dituzte zenbait ehunka metrotakoak. Bi harresien arteko tartea gero eta txikiagoa da, inbutu baten tankerakoa, eta bukaeran zulo karratu edo zirkularra izaten du, hiru edo lau metroko sakonerakoa.

Uxaldian, otsoak otso-zulora bideratzen dira eta, barruan, oihu eta txilioen bitartez jazartzen dira, bukaerako zuloan erori arte. Bertan, harrien edo tiroen bidez hil egiten dira.

Harresiak harriz egindakoak dira, argamasarik gabeak. Altuera aldatuz doa. Zulotik urrutien dagoenak metro erdi inguru izaten du eta hurbilen dagoenak metro eta erdi inguru, animaliak salto egin eta ihes egitea saihesteko. Harresiek atakak izaten dituzte ganaduak igaro ahal izateko. Uxaldi garaian, ataka horiek itxi egiten dira enborren bidez. Ataka horietan jartzen dira ehiztariak otsoa izutzeko eta, bukaerako zuloa ikusitakoan, buelta hartu ez dezan.

Auzoko herrietan derrigorra izaten zen bizilagunek otso-zuloen eraikuntzan, konponketan eta otsoen uxaldietan parte hartzea. Parte hartzen ez zuenak isuna izaten zuen.

Otso-zuloak Penintsula Iberikoaren ipar-mendebaldean daude kokatuta, hau da, Portugal iparraldean, Galizian, Asturiasen, Santanderren, Leonen, Burgosen eta Araban. Ez dira gehiago ezagutzen, ezta gainerako Europan ere.

Antzinatasuna ere ezezaguna da. 1.600. urte inguruko dokumentuetan, konponketen kostuak, uxaldietan parte hartu duten gizonen kopuruak, eta uxaldietara ez joateagatik jarriko diren isunen berri ageri da.

Uxaldietan, 150 eta 300 pertsona bitartean aritzen ziren. Ondoren, otsoak herrian jartzen ziren ikusgai eta festa egiten zen.

Araban bi otso-zulo baino ez dira ezagutzen: Barrongo otso-zuloa, Arkamoko mendilerroan, eta Gibijokoa, Gibijoko mendilerroan, Aiaran. Burgos ingurutik datozen otso-taldeen pasoko guneak dira. Gainera, despopulatze eta herri-huste handia jasan duen ingurua da. Gaur egun, Euskal herrian otsoa presente dagoen tokia da.

…………………………………………………………………………………….

“Barrongo otso-zuloa”

Eskuineko horma: 146,7 m.

Ezkerreko horma: 155 m.

Zuloaren azalera: 19,38 m2.

Zuloaren altuera: alboko hormak 4 m. / barreneko hormak 2,7 m.

“Gigijoko otso-zuloa”

Eskuineko horma: 323,4 m.

Ezkerreko horma: 335,2 m.

Zuloaren azalera: 44,27 m.

Zuloaren altuera: alboko hormak 4,5 m. / barreneko hormak 2,7 m.

* Otsoez gain, hartzak, basurdeak, oreinak, zaldiak…ehizatzen ziren.

* Zuloan harriak pilatzen ziren, lurzorutik gailenduta, otsoak, bertara erori eta gero, karrerilla hartu eta salto eginda ihes ez eginteko.

* Dokumentatuta dagoen modu honetako azken otsoaren ahiza Gibijoko otso-zuloan izan zen, 1931n.

…………………………………………………………………………………….

Erreferentziak:

GADEN (Naturaren babeserako eta azterketarako talde arabarra)

Fede Antxonen eta Felix Murgaren lekukotzak.

Aitor Ibañez de Garatxana

etiketak:
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hamar bider bi ?
Erantzuna:
Gaiak