Hemen zaude: Hasiera / Albisteak / Azaroak 25: prentsaurrekoan esandakoak

Azaroak 25: prentsaurrekoan esandakoak

2016/11/24 17:53
Urola Garaiko Berdintasun Sailetik, emakumeenganako indarkeriaren kontrako nazioarteko eguna dela eta, emandako prentsaurrekoaren testua bidali digute. Hona hemen:

AZAROAREN 25EKO PRENTSAURREKOA EMAKUMEENGANAKO INDARKERIAREN KONTRAKO NAZIOARTEKO EGUNA”

Berriz ere, EMAKUMEENGANAKO INDARKERIAREN KONTRAKO NAZIOARTEKO EGUN honetan Urola Garaia Mankomunitateak osatzen dugun (Ezkio-Itsaso, Legazpi, Urretxu eta Zumarraga) Udalok gure gaitzespen irmoena adierazi nahi dugu indarkeria matxistan oinarritutako edozein adierazpen edota ekintzaren aurrean, eta gure jendartean. Horretaz gain, Giza Eskubideak guztiontzako bermatuak izan daitezen, beharrezko baliabide politiko-instituzionalak herritarren eskura jarriko ditugula adierazi nahi dugu.

Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko bidean, hainbat urrats eman ditugu Urola Garaian. Batik bat, gure esfortzuak honako hiru eremuetan kokatu izan ditugu:

-        Prebentzio lanean, gazte eta nerabeen artean indarkeriari aurre egiteko, Beldur Barik programaren bitartez.

-        Indarkeria egoerak identifikatzean eta Indarkeria kasuen arreta hobetzean, erakundeen arteko koordinaziorako Protokoloaren bitartez.

-        Indarkeriari aurre egiten dioten emakumeen jabekuntza kolektiboan, Jabekuntza Eskolan lanean ari diren taldeen bitartez.

2015-eko Azarotik hona, 23 indarkeria kasu berri eman direla jakin izan dugu. Zifra hau ez da iceberg-aren muturra besterik, eta horrela baieztatzen dute adituek  esaten dutenean indarkeria kasuen % 20a besterik ez direla salatzen. Salaketa horietatik, % 0,005-a soilik da faltsua, beraz, arazoaren benetako tamaina ezagutu eta aurre egiteko, lanean jarraitu beharra dugu.

Bide honetan, hainbat baliabide ditugu funtzionamenduan. Horien ezagupena errezteko, indarkeriari aurre egiteko zerbitzuen gida publikatu dugu, gure eskualdeko edozein herritarrak informazio egokia eta erabilgarria izan dezan.

Aurten, Eudel osatzen duten Udalerri guztiak bezala, bat egiten dugu emakumeen aurkako indarkeria eta etxeko indarkeria prebenitzeko eta horien aurka borrokatzeko 2011ko Europako Hitzarmeneko oinarriekin, ‘Istanbuleko Hitzarmena’ delakoarekin. izan ere, emakumeen aurkako indarkeriari buruzko Europako lehenengo tresna juridiko loteslea da, baita giza eskubideen urraketa larri horren aurrean irismen handiena duen nazioarteko ituna ere.

Istanbuleko Hitzarmena 2014ko abuztuan berretsi zuen Espainiako Estatuak, eta, hartara, arau guztiz loteslea bilakatu zen instituzioetan, tokiko erakundeak barne.

Beraz, Protokolo honek xedatzen dituen hainbat neurri gure egiten ditugu, besteak beste:

  1. Emakumeen aurkako indarkeria giza eskubideen esparrura eramatea.
  2. Emakumeen kontrako indarkeria mota desberdinak identifikatzea eta aurre egiteko dinamikak bultzatzea. Horien artean, indarkeria sexuala, mutilazio genitala eta jazarpen sexista.
  3. Datu estatistikoak jasotzea.
  4. Generoaren ikuspegia eta diskriminazioaren debekua ezartzea, indarkeriaren esparruko printzipio nagusi gisa.
  5. Indarkeriari aurre egiten dioten emakumeei rol nagusia esleitzea programen ebaluazioan.
  6. Emakumeen intimitate-eskubidea ezartzea..
  7. Indarkeriaren aurkako haurren eskubideak berariaz aipatzea, batez ere, neskatilen eskubideak.
  8. Arretako langileen prestakuntza derrigorrez aitortzea, eta ez sentsibilizaziorako ekintza soil gisa.
  9.  Gizarteak emakumeen aurkako indarkeria prebenitzen eta borrokatzen laguntzea sustatzea.
  10. 10.  Erakundeen arteko koordinazioa bultzatu, indarrean dugun protokoloren bitartez. 
  11. 11.  Mugimendu feministarekin eta emakume elkarteekin elkarlana bultzatu.
  12. 12.  Gai honetan beharrezkoak diren neurrien finantzaketa bermatzeko mekanismo zehatzak ezartzea.

Azkenik, eta gure gaitzezpena herritarrekin batera adierazteko, bat egiten dugu azaroaren 25erako deituak izan diren mobilizazioekin eta jendarte osoari deia luzatzen dio parte har dezan, hain zuzen, arratsaldeko 19,00tan Legazpin eta Urretxu-Zumarragan.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hamar bider bi ?
Erantzuna:
Gaiak