Hemen zaude: Hasiera / Albisteak / Errefuxiatuentzako premia biziko materiala biltzea eta haiei bidaltzea

Errefuxiatuentzako premia biziko materiala biltzea eta haiei bidaltzea

2016/02/03 11:20
Joan den azteazkenean Legazpiko Ohiko Bilkuran aho batez onartutako mozioaren testua bidali digu Udalak. Hona hemen:

ERREFUXIATUENTZAKO PREMIA BIZIKO MATERIALA BILTZEA ETA HAIEI BIDALTZEA

IRABAZI GANAR LEGAZPI udal taldeak aurkezten duen mozioa, eztabaidatzeko eta hurrengo Osoko Bilkuran onartzeko.

ARRAZOIEN AZALPENA

Joan den 2015. urtean zehar, 350.000 errefuxiatu baino gehiagok egin dute euren herrialdeetatik ihes, bertako pobreziatik eta gerratik alde eginez; ibilbide horretan, Europara iritsi ahal izateko, Mediterraneo itsasoa zeharkatu dute euren bizitzak arriskuan jarriz. ACNUR erakundeak emandako datuen arabera, zeharkaldi horretan, 2.500 pertsona baino gehiago hil dira.

2016an egoerak okerrera egin du, itsasoan itota hiltzen diren errefuxiatuei Europara iritsi eta gero hipotermiaren eta arnas eritasunen ondorioz hiltzen direnak gehitu behar baitzaizkie, negua iristean hotz handia jasaten ari direlako.

Herri mailan neurri batzuk hartu ditzakegu eta lan egin dezakegu arazo horri irtenbideak emateko. Are gehiago Europako erakundeak erakusten ari diren pasibotasunaren aurrean. Udal askok, Legazpikoa barne, Europara iritsi nahian dabiltzan errefuxiatuak jasoko dituen aterpe-hirien sare batean parte hartzeko borondatea agertu dute. Beste udalerri batzuetan dagoeneko martxan jarri dira arropa, mantak, elikagaiak,… biltzeko kanpainak, ondoren bildutako guztiak errefuxiatuen kanpalekuetara bidaltzeko.

Beraz, esandako guztia aintzat hartuta, honako AKORDIOAK luzatzen zaizkio Legazpiko Udaleko Osoko Bilkurari:

1. Legazpiko Udalak gerraren biktimak direnen premia biziko beharrak asetzeko materiala biltzeko eta bidaltzeko kanpaina bat jarriko du berehala martxan eta horretarako beharko diren baliabideak eskainiko ditu; kanpaina hori Gizarte Zerbitzuetako sailak koordinatuko du. Era berean, horren berri emango zaie eskualdeko Udalei eta gauza bera egiteko gonbitea luzatuko zaie. Bestalde, dei egiten diegu Legazpiko herritarrei errefuxiatu familia horien aldeko elkartasuna adierazi eta laguntza eskain dezaten.

2. Udalak landalde bat sortzea bultzatuko du. Honako erakunde eta taldeetako ordezkariek osa dezakete lantalde hori: udal gizarte zerbitzuak, CEAR Euskadi, Gurutze Gorria eta errefuxiatuekin lan egiten duten herriko beste talde batzuk. Lantaldearen helburua udalerrian errefuxiatuak jasotzeko hartu beharreko neurriak definitzea izango da.

3. Udalak harrera-lekuak izan daitezkeenen zerrenda egingo du, batik bat udal jabegokoak izango direnak eta ekimen partikularren eta gobernuz kanpoko erakundeen bidez gizarte zibiletik sortuko diren harrera-ekintzak eta laguntzazkoak koordinatuko ditu.

4. Udalak diru-partida bat egokituko du gauzatu beharreko udal-jardunbideetarako, bai oinarrizko materiala biltzeko lanak burutzeko, bai errefuxiatuak hartzeko lanetan ari diren erakundeekin lan egiteko.

5. Legazpiko Udalak, CEAR erakundearen (Errefuxiatuak laguntzeko Espainiako Komisioa) proposamenarekin bat eginez, honakoa exijitzen die Europar Batasunari eta Estatu Kideei: immigrazio eta babes gaietarako politika bateratu bat martxan jarri eta gai horretan eskumenak izango dituen Europako Agintaritza sor dezatela, larrialdiko egoerei erantzun azkarra eman ahal izateko eta jatorrizko herrialdeekin elkarlanean aritzeko.

6. Akordio horien berri herritarrei, CEAR Euskadi erakundeari, Espainiako Gobernuari eta Europako Komisioari emango zaie.

etiketak:
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hamar bider bi ?
Erantzuna:
Gaiak