Hemen zaude: Hasiera / Albisteak / Hau fauna

Hau fauna

2008/02/02 21:09
Felix Ibargutxi kazetari legazpiarrak erreportaje landu bat bidali du ZingiZango elkarteak bere web-gunean argitara eman dezan. Erreportajeak Gipuzkoako herrien goitizenak aztertzen ditu, haien inguruko gogoetak eta azalpenak emanez. Eskerrak ematea besterik ez zaigu egokitzen. Gainera, legazpiarrok ere, ilintxak garen aldetik, ez gara azterketa horretatik kanpo geratzen.
Hau fauna

Josema Azpeitiaren irudia, "ZingiZango Legazpiko euskara" liburuan argitaratua

Oñatiarrak txantxikuak dira, Zegamakoak beleak, beasaindarrak bareak, Alkizakoak oiloak... fauna bitxia dago hemen, eta zenbait herri oso harro daude bere goitizenaz. Gainera sinbologia hori dena indartzen ari da zenbait herritan, ospakizun batzuen bidez. Badira urte dezente Alegiako festei hasiera emateko, Txintxarriaren Igoera egiten dela, txintxarri-herri baita Alegia. Eta abuztuan, zegamarrek Belearen Entierroa ospatu ohi dute. Zenbaitetan, ematen du auzoak auzoari jarritako goitizena dela; feed-back bromosoa, alegia; hala nola Beasain-Ordizian; Azkoitia-Azpeitian eta Gabiria-Ormaiztegin. Goazen adibide batzuk ikustera.

Herria
Goitizena
Abaltzisketa
Txalburuak
Alegi Txintxarriak
Alkiza Oiloak
Altzaga Zakurrak
Altzo Tipulak
Amezketa Euliak
Andoain Ontzak
Arama Idiezizaleak 
Asteasu Tranpazuloak 
Ataun Otsoak 
Azpeitia Zapoak 
Azkoitia Sakelak 
Baliarrain Zartagiak 
Beasain Bareak 
Beizama Makilak 
Deba Tarinak 
Donostia Kaskarinak 
Ezkio Otamotzak 
Gabiria Makilariak 
Gaintza Zapoak 
Idiazabal Azeriak 
Lazkao Antzarrak 
Legazpi Ilintxak 
Legorreta Pikuak
Itsaso Harrikariak 
Itsasondo Ijitoak 
Mutiloa Txerrigorriak 
Oñati Txantxikuak 
Ordizia Azak 
Orendain Eltxoak 
Errezil Akerrak 
Segura Zopajaleak 
Tolosa Zuriak 
Zaldibia Arkakusoak
Zarautz Haizeak 
Zegama Beleak 
Zerain
Xaguak


OILOAK (Alkiza). Alkizakok oiloak dira eta Oilategitik herri-aldizkaria daukate, eta han dagoen umeentzako euskaltegirako sortu duten maskota ere oilo itxurako maskota da, izena Kaxinta jarri diotelarik. Oilo hori bizikleta gainean doa, Alkizan txirrindularitza-zaletasun handia dagoelako. 

TARINAK (Deba). Txema Vitoria, 'Txiribiton' pailazoa, ez da Deban jaioa, baina aita bai, eta debar jatorriko neska batekin ezkondu zen. Hona bere testigantza: «Gu tarinak gara, eta mutrikuarrak esaten digute 'tarinak buru arinak'. Eta nik pentsatu izan dut: gu, tarinak, beti kantuan, eta beti gaizki. Baina mutrikuarrena okerrago da: haiek lapazorriak dira». Lapazorria da zomorro txiki bat lapari itsatsi eta hura akabatzen duena.

BELEAK (Zegama). Zegamarrek harrotasunez darabilte izengoiti hau, eta aurten, 21. aldiz, Belearen Entierroa ospatuko da abuztuan, sanbartolometako azken egunean hain zuzen ere. Udaletxeko balkoitik bele itxurako panpina jaitsiko dute, orain dela 21 urte J. R. O.-k (ez du bere izena azaltzerik nahi) egindako panpina, alegia. Hona hemen O.-en adierazpenak:

«1986an izan zen. Sanbartolometan, azken egunean. Txirrindulari-lasterketa egin ohi zen eta hori besterik ez zen izaten egun horretan, etenda gelditzen ziren festak. Kuadrilan hasi ginen pentsatzen zer egin zitekeen, eta gogoratu ginen Zeledonekin. Erabaki genuen kontrako gauza egitea; Zeledonena etorrera izaten da, eta guk belearen joanera egitea erabaki genuen. Belea da-eta gure ikurra. Alanbre batzuk hartuta, metro bateko belea egin nuen, trapu beltz batzuk erabilita. Eta aita zenaren txapela zahar bat jarri nion. Gero, kuadrilako lagunok, denak beltz jantzita, prozesio lege bat egin genuen, eta hura bukatuta lurretik plazako pinu batera igo genuen bele hori. Bigarren urtetik aurrera udaletxeko balkoitik behera egiten hasi zen, kable bat erabilita, eta gero festetako egitarau ofizialean ere sartu zuten. Urtero ezberdin izaten da, ze jende biltzen den, horren arabera; batzuetan, prozesioan apaizarena egiten duen lagun bat ere izaten da».

Belearen entierroa Zegaman

Nondik nora zegamarren bele izate hori? Beharbada, lehengo eskutuan hegazti hau agertzen zelako?; hala uste du behintzat Joxe Azurmendi bertako seme ospetsuak. Baina XVIII. mendeko idazki batek dioenez ezkutuko hegaztiak arranoak dira; gero zikoin bihurtu direnak, hala ere. Nolanahi ere, ehiztarien soziedadeak Belea du izena, eta gazteek ere maite dute goitizena: gaztetxekoek kamixeta atera zuten orain dela gutxi, belearen irudia zeukana.

HARRIKALARIAK eta MAKILARIAK (Ormaiztegi eta Gabiria). Jatorri ezezaguneko goitizenak hauek ere. Ormaiztegin, 1996an, Udaleko Kultura Batzordeak Harrikalari Txapelketa sortu zuen sanmigeletako ospakizunak indartu nahian, eta horretarako errekatik 2,080 kiloko harria inguratu. Herriko gazteak hor jarduten dira harrezkero urtero, harri hori ahalik eta urrutien bota nahian, modu klasikoan -Olinpiadetan bezalatsu- eliza atzeko Burjaldegiko zelaian. Beraz, azkenaldian harrikalari franko harrikalarien herrian, eta azken hiru urteetan Borja Irizar harrikalariena; bere marka onena, iazkoa: 28,95 metro. Gabiriarrak, berriz, makilariak dira; badirudi kasu honetan ere auzotasuna izan litekeela goitizinen arrazoietako bat; bi herriok elkarren ondoan baitaude.

IJITOAK (Orio). Izan liteke inguruko herrietakoek, estropada-kontuak direla-eta, egotzitakoa. «Orioko arraunlariak askotan gertatu dira irabazle, eta badakizu, jende askok dio ibidia irabazleari», adierazi digu Iñaki Iturainek, Orioko herriaren historia aztertutako irakasleak. Berso zaharretan askotan aipatzen omen da oriotarren ijitotasuna. Anjel Lertxundi idazleak uste du sorburua beste nonbaiten egon daitekeela: «Nik entzun dudanez, Errepublika garaian ijitoek askotan akanpatzen zuten Orion, inguruko beste herrietan debekua zutelako». Eta beste hau eransten digu Orion jaio eta aspalditik Zarautzen bizi den idazleak: «Zarauztarrak hau esaten dute, oriotarren hizkera dela-eta: 'Orioko pikok, bi errealekok'».

HAIZEAK (Zarautz). Honetan ere Anjel Lertxundi gidari: «Orion esaten dugu 'Zarauzko haizea' edota 'Zarauztar haize horiek', jende arintzat daukagulako». Eta Iñaki Iturain oriotar historialariak, berriz: «Gainera, autopista egin zenetik hemen Orion esaten dugu gehiago sartzen zaigula Zarauzko haizea. Autopista egiteko mendi-puska handia kendu zuten-eta Zarautz eta Orio artean». Berriz ere Lertxundi: «Eta hau ere aspaldiko esaera da: 'Zarauzko zapatak, bi kolorekoak'. Zarauztarrengatik zera esaten dugu guk betidanik: 'biña-biña'; eta orain ere esaten du gazte jendeak. Alegia, esan nahi dugu zarautzarrak binaka ibiltzen direla. Noiz esaten dugun? Ba igoal suertatzen gara taberna batean eta lagun bat joaten da komunera, eta segituan beste bat; orduantxe: 'hara hor, biña-biña'». «Biña-biña»ren esamolde hau zarauztarrek eurek ere erabiltzen omen dute beren buruarengatik.

TXINTXARRIAK (Alegia). Kasu honetan goitizenaren sorburua argi asko dago. Aspaldiko garaietan txintxarri asko egiten baitziren herri honetan. XV. mendean Urzuriagako ola izan zen garrantzizkoena, baina ez bakarra. Eta ondorengo mendeetan ixten joan ziren hango olak, baina XX. mende hasieran hiru sutegi zeuden, batez ere goldeak eta txintxarriak egiten zituztenak. Jose Gastesi historialariak adierazi digunez, azkeneko zinzargilea Norberto Etxebarrena izan zen, zeinek gutxi gorabehera 1917an utzi baitzion lan horri.

Alegian, gauza asko bataiatu dira izen honekin: Txintxarri Abesbatza dago -eta haurren koruari Txintxarri Txiki deritzo-, Txintxarri Eguna ere ospatzen da, Txintxarri elkarteak antolatuta. Juntadizo horretan, abesbatzako hildako lagunei omenaldi egiten zaie. Bestalde, orain dela hamar bat urte, Txintxarriaren Igoera hasi zen. Karmenetako festen hasieran, Txintxarriaren Igoera egiten dute, udaletxe eta beste etxe baten artean soka jarrita. Eta bukaeran Txintxarriaren Erreketa egiten da, bolborazko zarata eta guzti.

Txintxarriaren igoera Alegian

DOKTOREAK (Olaberria). Doktoreak dira Olaberriakoak. Gaizki ulertu baten ondorioa omen da gaitzizen hau. Hona hemen Jokin Mujika donostiar liburuzainaren azalpena: «Nik andrea Olaberrikoa dut eta hark esandakoa dakit. Mendizabalen desamortizazioa gertatu zenean, fraide asko atera ziren komentuetatik, eta kaputxino bat Olaberrira azaldu zen, hor erretore lanak egiten hasi zelarik. Elizan, letanietako bat zera zen, gutxi gorabehera, 'Santis doctores et ebanjelistes, orate pro nobis', eta herritarrek gaizki ulertu zuten, 'doktore' hori 'dotore' zelakoan. Kaputxinoa, adar-jotzailea izanik, hasi zen kontu hori aideratzen eta laster zabalduko zen herritik kanpora ere».

KASKARINAK (Donostia). Jokin Mujika: «San Bizentekoak, koskeroak; Santa Mariakoak, josemaritarrak; eta gainerako guztiak kaskarinak». Txistea: «Donostiakoak ez omen ziren zerura joaten. Behin, joan zen bat, baina ez zuten bilatzen. Eta San Pedrok esan zuen: jo Iriyarena eta seguru azaltzen dela. Bai azkar azaldu ere, saltaka santzan».

ZURIAK (Tolosa). Juan Garmendia Larrañaga etnologoak hau esan digu: «Tolosarrak aspaldiko fama dugu: zuri eder faltsuak. Beharbada, tolosar bat baino gehiago -asko- diplomatiko izan zirelako: idiakeztarrak, aranburutarrak...»

OTAMOTZAK (Urretxu-Zumarraga-Ezkio). Caja de Ahorros Municipal de San Sebastián-eko sorta hartarako egin zuen monografian, 1970ean, Jose Maria Busca Isusik, gogorarazten du hango lurretan buztina dela nagusi, eta arbela ere ugaria izanik horko soroek ezin dutela oso emankor izan. «Lo que justifica el irónico apelativo con el que el resto de los guipuzcoanos han denominado a los habitantes de esta tierras: otamotzak». Iñaki Linazasorok ere -han jaioa baitzen- jardun zen gai honetaz Zumarraga. Historia y añoranza liburuan:

«Con nuestro atávico sentido del humor, aceptamos sin rechistar el gentilicio-apodo de otamotza, esto es, argoma, tojo o aulaga, mata muy espinosa de flores amarillas. Lo tomamos como una clara referencia a nuestra desafiante actitud ante las contrariedades y al enraizamiento a la tierra madre, con la terquedad que la argoma se aferra al hábitat hasta en los riscos más inhóspitos».

1981. urte aldera, Oargui erakundeko Kultura Batzordeak aldizkaria sortu zuen, Udalak lagunduta, eta Otamotzak jarri zioten izena. Aldizkari hark ez zuen asko iraun, eta handik urte batzuetara Urretxu-Zumarragako gazte euskaltzale batzuek beste bat sortu zuten, eta Otamotz izendatu.

ZOPAJALEAK (Segura). Joseba Intxausti historialariak hau esan digu: «Ez dut sekula ikertu kontu hori, eta topatu ere, sekula ez dut topatu horri buruzko dokumenturik». Orain hamar bat urte, Elorri elkartekoak hasi dira antolatzen Pertzaren Jaitsiera, kanpandorretik behera kablea jarrita. Eta behin jaitsita, pregoia irakurtzen dute. Era honetara ematen die hasiera sanjuanetako festei. Mertxe Jauregi irakasleak, berriz, hau esan digu:

«Ama, Anita Arcelus, historiazale porrokatua zen. Eta bazekien guregatik zer esaten zuten beste herri batzuetan: gu lumero-zopajaleak ginela. Harremana geneukan Donato Arrindarekin, gizon jakintsua, Oñatiko Artxiboan sarri egoten zena eta Anes Arrindaren anaia. Behin hasi ziren herrietako goitizen kontu hori aipatzen eta, amak Donato horri esan zionean lumero-zopajaleak esaten zigutela, algaraka hasi zen. Berak bazekien zer zen lumeroa. Baleatik bi koipe mota ateratzen zen, bata finagoa bestea ez hainbeste, eta argi egiteko bigarren hori erabiltzen zen. Ba horixe zen lumeroa».

Pertzaren jaitsiera Seguran

Eta Andoni Etxeberria El Diario Vasco-ko berri-emaleak, berriz: «Mutilokoek esaten dute, guri barre egiteko, oiloluma-zopajaleak garela, alegia, zopa jateagatik edozer zopa jateko gai garela».

ZAPOAK eta SAKELAK (Azpeitia eta Azkoitia). Alegia, apoak eta igelak. Imanol Elias historialariak sekula ez du goitizen hauei buruzko aztarrenik topatu. «Batek jakin. Elkarri jarriko genion goitizena. Guk azkotiarrei eta azkoitiarrek guri», adierazi digu. 2001ean, Azpeitiko Udalak gazteentzako klub edo biltokia jarri zuen martxan, eta izen honekin bataiatu: Zapo Txoko. Azkoitian, berriz, orain urte asko ez dela ezker abertzaleko kide batzuek Sakela taberna ireki zuten. Goitizenen hiriburuak ditugu bi herriok, horko hainbat lagunek eta familiak daukate oraindik ere bere goitizena, baina, paradoxikoki, bi herri-gaitzizenok aspaldi galdu zuten indarra.

Gazteentzako biltokia Azpeitian

TXALBURUAK (Abaltzisketa). Txantxon Zubeldiak hau esan digu: «Ez dakit nondik nora sortuko zen goitizena. Guk, Abaltzisketakook elkarri ez diogu txalburu esaten, baina amezketarrengatik esaten dugu, adibidez udan bero handia dagoenean eta euliak ugaltzen direnean: 'Hor dabiltzak amezkerrak'. Orain badago elkarte bat, Txalburu izenekoa, lehen Ñañarri izena zeukana».

BAREAK eta AZAK (Beasain eta Ordizia). Josetxo Zufiarrek, hango historialari eta etnologoak, ez daki sorburua. «Nik baditut urte batzuk eta herrian ez dut ikusi gaitzizen hori erabili denik, ezta baserritarren artean ere. Hala ere, beasaindarrak ondo asko dakite bareak direla eta gauza asko bataiatu da izen horrekin: adibidez, Urrezko Barea saria sortu zuen orain urte asko ez dela Beti Bizi elkarteak, herriaren alde lan egin dutenak omentzeko. Urte biz bat ematen da eta niri ere eman zidaten; San Loinatz jaiak iristen direnean hor ipintzen dut urrezko bare hori txaketaren paparrean». Beti Bizi elkarte hori ez da nolanahikoa. Urtero, herriko jaietan, 'Beasain Festivo' aldizkari mardula plazaratzen du, hainbat lagunen artikuluz hornitua. Gainera, dendarien elkarteak ere Bareak du izena. Eta dendarien gastronomi elkarteak ere izen horixe dauka.

Ordiziakoak, berriz, azak dira. Bistan da Beasaingo goitizenari lotutakoa dela. Ez da asko erabiltzen. Ordea, orain dela hamar bat urte, santanetako festei bukaera emateko ekintza deigarria sortu zuten gazte batzuek: Barearen Entierroa. Beraz, auzoko goitizena (Beasaingoa) aukeratu zen, adarra jo nahian. Jaietan zehar errifa-txartelak saltzen dira eta irabazleak eskubidea dauka azken festa-egunean paperezko barea erretzeko. Indartsu hasi zen ospakizun hori, antzezlantxo bat ere egin ohi zen, baina iaz etena etorri zen; ez zen ezer ere egin.

Ordiziarrak barea erretzen

EULIAK eta ARKAKUSOAK (Amezketa eta Zaldibia). Orain urte pare bat Amezketari buruzko historia-liburu mardula plazaratu zuen Jose Mari Otermin kazetariak, eta aitortzen zuen ez zekiela noiztik eta nolatan diren amezketarrak elbik, eta gaineratzen garai batean indar handiagoa zuela goitizen horrek: «Oraindik ere bizirik dago amezketarroi elbik deitzeko joera. Hala ere, orain urte batzuk askoz zabalduago zegoela iruditzen zait». Oterminek bere liburuan gogorarazten duenez, Pio Barojak, bere 'Zalacaín el aventurero' nobelan, orain dela ia ehun urte (1909an) aipatzen du amezketarren izengoitia. Martin Zalakain eta Bautista Amezketara ailegatu, eta pilotalekuaren inguruk ostatura sartuko dira. Eta han su-bajuaren adetik jarriko dira. Eta orain Barojaren hitzak: 

«Había entre los reunidos en la venta un campesino chusco, que se puso a contar historias. El campesino, al entrar otros dos en la cocina, sacó su gran pañuelo a cuadros y comenzó a dar con él en las mesas y en las sillas, como si estuviera espantando moscas.

- ¿Qué hay?-le dijo Martín-. ¿Qué hace usted?

- Estas moscas fastidiosas -contestó el campesino seriamente.

- Pero si no hay moscas.

- Sí las hay, sí -replicó el hombre, dando de nuevo con el pañuelo.

El posadero advirtió, riendo, a Martín y a Bautista que, como en Amezqueta había tantas moscas de macho, a los del pueblo les llamaban, en broma, euliyac (las moscas) y que por eso el tipo aquel chistoso sacudía las mesas y las sillas con el pañuelo, al entrar los amezquetanos».

Pio Barojak ezagutzen zituen Amezketako "euliak"

Pernando Amezketarraren istorioetan sarri azaltzen da eulien kontu hori, eta baita txintxarriena ere (Alegiakoak). 1924an, Donostiako 'El Pueblo Vasco' egunerokoan artikulu interesgarria azaldu zen, G. de Zumuarregi batek sinatua, izengotiri horren atzean Gregorio Mujika ezkutatzen zelarik. Hona hemen teorietako bat: Amezketako patroia San Bartolome da, santu hark martirio gogorra izan zuen, hil aurretik larrutu egin zuten-eta. Eta larrututa zegoela, eta arbola bati lotuta, hain zuzen ere euliengatik sufritu zuen gehien. Horregatik, auzo-herrietakoak elbik gaitzizena erabiltzen hasi ziren amezketarrei buruz ari zirelarik. Amezketarrek ondo behatu izan omen dituzte euliak, eta deskubritu behin San Bartolomez gero (abuztuaren 24a) asko bakantzen direla intsektuok. Eta deskubritu omen dute, halaber, paretaren batean deskantsuan dauden euliak, gora begira egoten direla udan, baina sanbartolometatik aurrera buruz behera jartzen direla.

Amezketako eulien eta Zaldibiko arkakusoen lehiaren inguruan, hona hemen Rufino Iraola Zaldibiko idazle eta irakaslearen testigantza: «Garai batean, pilota-kontuan, lehia handia egoten zen Zaldibia eta Amezketaren artean. Orain esatera noan hau gertatu zela izango dira, gutxienez, 48 urte. Zaldibiko pilotariek, Meliton Erauskin eta Resti Sukiak Amezketan finala zeukaten han bertako Bautista Galarza eta Jabier Altunaren aurka. Zaldibitarren ateraldia zirikada bizia izan zen amezketarrentzat. Dakizuen bezala, Zaldibitarrak «arkakusoak» gara eta amezketarrak «euliak». Bada, partida hasi aurretik, frontoi aurreko arboletan, euliak harrapatzeko tirak ipini zituzten zaldibitarrek, eta gainetik partida galdu. Orduan amezketarrek «cucholez» (arkakusoak hiltzeko botika) estali zuten frontoi inguru guztia. Belarriak ederki makurtuta etorriak izango ziren zaldibitarrak etxera».

Eta jarraitzen du Iraolak: «Zaldibiko Artxanberri, utzi digun altxor urria bezain aberatsak erakusten duenez, herri-bertsolari handia izan zen. Behin batean, Larraitzen ari omen zen kantuan, amezketar bat bertso-lagun edo kontrario zuela. Bakoitzak bere paperean kantatzen omen zuen, hau da, amezketarrak euliaren paperean eta zaldibitarrak arkakusoaren paperean. Garai hartan, Espainiako Erregina alargun omen zegoen, eta, horrek gogorarazita-edo, amezketarrak (euliak) kantatu omen zuen hark berdin jaten zuela Erreginaren plateratik; eta Artxanberrik (arkakusoak) honako bertso hau bota omen zion:

Erreginaren platera hori

al daukazu zuk gogotan;

bai, ibiltari bizkorra zera

arrazoia dezu hortan...

Ni hori baino haundiagoa

egina nago frankotan:

lehenengo nahiko odola edan

gero berarekin lotan».

Zaldibian, duela hamarren bat urte hasita, Gazte Festa egiten da uztailean (San Ferminetatik eta Santiagotara bitartean). Orain dela hiruzpalau urtetik hona ohitura berri bat ari da itsasten: arkakusoa jaisten da sokan, Gasteizko Zeledonen antzera, elizako kanpandorretik udaletxeko balkoira. Ibilbidean zehar goxokiak botatzen ditu plazara, sabelean duen irekiduratik.

ANTZARRAK (Lazkao). Lazkaoko jendeak gustukoa du bere izengoitia. Hango pilota elkarteak Antzar Elkartea du izena, bada izen bereko txistulari-taldea ere, eta txaranga, eta motorzale taldea, eta bertsopaper lehiaketa... Xabier Amurizak pasadizo polita jaso zuen Ataunen 80ko hamarkada hasieran, eta gero 'Irri eta herri' liburuan publikatua: «Lazkaotarrei goitizenez 'antzarrak' esaten diete. Behin San Gregorion kartetan ari ziren, lazkaotar bat tartean zela. Tutean ari ziren eta hargatik edo horregatik erronkan hasi ziren. Halako batean Nikolasek bertso hau kantatu zuen:

Antzarra, al zabiltza

erabat poztuta

hemendik joan nahiean

bazterrak nahastuta.

Abiatzen bazera

gu danoi ostuta

bialduko zaitugu

hegoak moztuta».

TXANTXIKUAK (Oñati): Hauxe da Gipuzkoa osoan indar gehien daukan herri-goitizena, zalantza barik. Oñatiarrak beste herri batera doazenean laster asko esango dute: «Hemen dira txantxikuak». Eta oñatiarrek ondo onartua eta ondo maitea dute gaitzizena. Beste herri batzuetan bezala, Txantxikuaren Jaitsiera egiten hasi da sanmigeletan, herriko jai printzipaletan; hain zuzen ere, lehenbiziko festa-egunean, eta txosnetako gazteek antolatuta. Kanpandorretik behera, institutu aldera jaisten da, sokari lotuta, igelaren irudia.

Errepublika garaian, Txantxiku Txoko izeneko elkartea sortu zen, herriko giroan eragin handia izango zuena. Askoz geroago, Oñatiko ikastolarentzako izena aukeratu behar izan zenean ere, hitz horixe aukeratu zen: Txantxiku Ikastola. Aloña Mendi futbol-taldearen ezkutuan ere agertzen da animalia hau.

Baina, zehatz, zer da txantxikua? Igela? Zapoa? Ez da samurra. Felix Ugartek, gero unibertsitate-irakasle izatera iritsiko zen oñatiarrak, oso lan baliotsua egin zuen horren inguruan. Izan ere, berak uste zuen txantxikua igelari esaten zitzaiola, eta harritu zen Azkueren hiztegian begiratzean; han «zapoa» baitzen. Halaxe, ikerketa lanari ekin zion, eta gero 1976am Oñatiko liburutegiko agerkarian azaldu zuen, izenburu honen pean: «Txantxiku: rana o sapo?». Naturalistak hartu zuen apo arrunt bat (Bufo bufo), arrautzak bizkarrean eramaten duen beste apo txikiagoa (Alytes onstetricans) eta igel arrunt bat eta bat eta hainbat lagunengana jo zuen galdezka (batez ere baserritar jendearengana). Eta gehienek esan zioten txantxikua igelari esaten zitzaiola; zehazkiago esanda, ubaratxuari, halaxe esaten baitzaio Oñatiko hizkeran igela batuari.

Bi elezahar daude goitizenaren sorburuaren inguruan, biak ederki asko jasoak Iñaki Zumalderen historia-liburuan, eta biak ala biak sinesgarritasun gutxikoak historialariaren iritzirako. Jakina denez, Oñati oso berandu sartu zen Gipuzkoan -XIX. mende erdialdera-, denbora askoan «kondepekuak» izan ziren eta herritarrak, txandaka, Zumelzegiko fosoaren aldamenean jardun behar izan zuten, igelak zaituz, kondeak lasai egin zezan siesta. Horretarako, makila astinduz, hau esaten zuten: «Ixillik ao, ixillik ao Kondia siestia lo eiten dao». Baina Zumelzegiko dorre inguruan egindako indusketek agerian utzi dute han ze zela inoiz fosorik izan. Bigarren elezaharrak dioenez, Oñatiko herritar batzuk joan ziren behin Gebarako jauregira, kondeari bisita egitera. Eta sartu aurretik esan zitzaien nola jokatu behar zuten areto nagusian: han baldosa txuriak eta beltzak zeuden, eta herritarrek txuriak bakarrik zapaldu zezaketen, beltzak etxeko jaunak bakarrik ukitu zitzakeen-eta. Bere menpekoak erdi-saltaka ikustean, hau esan omen zuen kondeak: «Emen dituk nere txantxikuak».

Gerardo Elortza historialariaren iritziz sinesgarrriagoa da Ignazio Omaetxeberria fraide frantziskotarraren teoria: «Hark esan zuen Oñatiko palatalizazioaren ondorio izan zela Txantxiko edo Txantxiku, eta horretan bat zetorren Iñaki Zumalderekin. Francisco izena oso modan jarri zen Oñatin XVI. mende bukaera aldera, bertan bi urtez bizi izan zelako Francisco de Borja santua, eta gainera Frantzisko Xabierkoaren itzala hor zegoelako indartsu askoa. Beraz, beste herrietan baino Frantzisko gehiago zeuden Aloña mendipean; Frantzisko ugari, Pantxiko ugari eta Txantxiko ugari».

Txantxikuaren jaitsiera Oñatin

Kontuak kontu, Txantxiku goitizenak arrakasta galanta bildu zuen. Seguru asko, bai oñatiarrentzat bai ingurukoentzak, ederki adierazten zuelako herri horren hizkeraren ezaugarri bat; alegia, S eta C-ak X eta Tx bihurtzeko joera. Hau da, lehen genioen palatalizazio hori. Beste herri batzuetan bezala, Txantxikuaren Jaitsiera ospatzen hasi da sanmigeletan, herriko jai printzipaletan. Igel itxurako panpina jaisten dute gazteek kanpandorretik behera, batxilergoko institutu aldera.

ILINTXAK (Legazpi). Bitxia, goitizena. Batek jakin noiztik datorren. Ilintxa, berez, txondorrean behar bezala egosi gabe gelditutako egur edo ikatz pusketari esaten zitzaion. Orotariko Euskal Hiztegiak, dioenez, garai batean baziren 'ilintxa-txondorrak', alegia, aurreko txondorretako hondarrekin osatutako txondorrak. Nik irudipena daukat 'ilintxa' gaitzizena, legazpiarrei, bestek erantsitakoa dela, adierazi nahian bezala Legazpiko jendea egoskorra zela, tematia. Ez da harritzekoa horrelako deitura sortu izana: XIV. mendeaz geroztik milaka eta milaka txondor egin dira Legazpiko mendietan, burdinolei ikatza zerbitzatzeko.

Bestalde, 'Ilintxa' izeneko soziedadea 1934an jaio zen eta hango kirol batzordetik izen bereko futbol-taldea 1945ean. Baina horren aurretik, izen zen legazpiar bat 'Ilintxa' goitizena aukeratu zuena bere kronikak sinatzeko. Sebastian Alustiza zen kronista hori eta 1933an hasi zen Legazpiko berriak bidaltzen bai El Día-ra bai Argia-ra. Gero, 1935ean, Euzkadi-rako ere hasi zen. Kronikak ez ezik, olerkiak ere publikatu zituen komunikabide horietan. Errepublika garaian Ertzaina izan zen eta, hartan ari zela, Ignacio Eizmendi 'Basarri'-ren lagun handia. Gero, gerra zibil garaian, Eguna egunkaria sortu zelarik, 1937an, harentzat ere idatzi zituen gogoeta tankerako artikulu batzuk. Beti euskaraz egin zuen kazetari- eta idazle-lana.

Inork ikusi nahi ezkero gizon honen ibilbidea, hor dauka www.armiarma.com gunea, eta haren barruan 'Euskal prentsaren lanak' atala.

 

etiketak:
Anonimoak dio:
2008/02/04 12:24

Bizkaian ere bizirik daude horrelako ezizenak: adibidez, Larrabetzukoak akerrak dira (gaztetxearen ikurra akerrak dira), Lezamakoak zorriak (adibidez, hango euskara elkartea Zorrizketan), Zamudiokoak perretxiko ustelak (mikologia elkartea badago izen horrekin, baita elkarte bat ere), Deriokoak tximintxak (bertako euskara elkartea Tximintx izena du), Durangokoak zapoak (hango gaztetxea Sapuetxe izena du), Galdakaokoak mozoloak, ...

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi 'hamazazpi' zenbakiak erabiliz.
Erantzuna:
Gaiak