Hemen zaude: Hasiera / Albisteak / Inozentzio Olea hil da

Inozentzio Olea hil da

2010/11/13 19:20
Aspaldian Legazpin bizi zen Inozentzio Olea zeraindarra atzo hil zen eta bihoaz hemendik familiakoentzat gure doluminak. Horrekin batera gogorarazi nahi dugu olerkari on ere bat galdu dugula legazpiarrok eta euskaldunok, zorionez lan ederrak argitaratuta utzi diguna. Omenaldi gisara, iazko urtean Aitor Gurrutxagak idatzitako artikulua bere horretan berrargitaratuko dugu.
Inozentzio Olea hil da

Inozentzio Olea orain urte batzuk

Gutxi ezagutzen dugu legazpiarrok gure ondarea, eta are gutxiago gure ondare literarioa. Herritarron artean nortzuk daukate Olea, Bähr, Sebastian Alustiza (Ilintxa), Zabaleta Anaiak, Argiako aspaldiko kazetari edo eta Saletxeren ezagupidea? Ausartuko nintzateke esaten aipatu ezagupidea lau katuk daukagula, edo hortxe-hortxe.

    Inozentzio Olea zeraindarra dugu, baina gaztetatik legazpiartua. Ogibidez, nik dakidala, ekonomatoko arduradun izana, baina bihotzez idazle. Eta ez nolanahikoa. Bertsogintzan aritu zen, baina ez zen bapateko bertsolaria. Nahiz berak 80. hamarkadan Hotseko literatur alean argitaratu zuen artikuluan bere burua bertsolaritzat jo, nik, ezer esatekotan, olerkari gisa dakusat.

   Aparteko sentsibilitatea darie bere bertso paperei. Bestalde, irizten diot kazetari ere bazela, Segura Irratiko ostiraleko kroniketan urte luzez lantegi horretan aritu baitzen; eta ez nolanahi: irakur bitza irakur saiatuak Joxe Mari Iriondok Auspoarako bildu zituen idatziak (bi liburukote dira), eta txundituta geratuko da haren euskara landu baina era berean herrikoi eta biziarekin, gipuzkera osotua deritzon horrekintxe, berak horrenbeste gorroto zuen "H"-aren aztarnarik gabea, baina gainontzerakoan edozein idazlerendako, goierritar eta legazpiar izanik are gehiago, eredu bikain.

Herriko fiestak (jaiak) gainean ditugun ezkero, hona hemen Inozentziok 1970ean argitara emandako Goierriko lorak bertso-liburuan (benetako altxorra) Santikutzen gainean dioena. Gozamen hutsa da. 

Jakinaren gainean gaude Olea oso pattal dabilena, ezagun du; halere, herritarron animoak jaso ditzala. Legazpiko herriak, berandu baino lehen, omenalditxoa egitea ez legoke gaizki, ez al duzue uste?

LEGAZPIKO PESTAK (Inozentzio Olea; Goierriko lorak)

 

Negu beltzari bizkar emanda

Sarturik udaberrira

Legazpiarrok pestetan gera

Emendik egun gutxira,

Lan-saio eta tramankulu-ots

Biurturik kale-jira;

Noizean beinka atsedentxoak

Komeni izaten dira,

Ondo pasatu nai dezutenok

Etorri gure errira.


Olak industri biurtu dira,

Ia ez dugu artzantzik

Gaurko Legazpik ez dauka noski

Lenagoko aren antzik

Berritu gabe ez da gelditu

Kale edo enparantzik;

Egun auetan ez da paltako

Alaitasun eta dantzik;

Aspaldi ontan aurrera goaz,

Ez izan orren zalantzik.


Ogei eta bost urte dirala

Zan ikastetxe bat jaiki,

Beste berri bat bikaiñ askoa

Bukatuko dute aurki.

Onek ematen duen poz ori

Ai nik esaten baneki!

Bai, zenbait semek bere erria

Osatu oi du egoki,

Mesede oiei neurria artzen

Oraindik iñork ez daki.


Buru azkarrak langille piñak

Laguntzat dauzkatenean,

Erri bat ezin egon liteke

Beti bezela lenean.

Legazpiarrak gaur badaukate

Sona galtzairu-lanean,

Hemengo gauzak estimatuak

Or lurbira geienean

Onelakoak egiten dira

Zintzo jokatzen danean.

 

Alaitasuna nai dezutenok,

Etorri gure artera

Mirandaola ta Gorostiko

Gurutza agurtutzera,

Lanaren bidez erri bat nola

Altxatu dan ikustera;

Bake santuan alkar arturik

Emen jolastuko gera,

Etorritako penarik gabe

Juango zerate atzera.

 

 

etiketak:
Anonimoak dio:
2010/11/13 22:38

Legazpiko bertso-olariak bertso eskolako kideok familiari elkartasuna adierazi nahi diogu. Bertsogintzan, batez ere idatzian, egindako lana gogoratu nahi dugu. Izan ere, hori dela eta, 1994ko bertso egunean omenaldia egin zioten. Gerra osteko bertso jartzaileei egin zitzaien omenaldi hura. Berekin batera Jexux Lete "Ibaiertz", Joxe Aierbe, Manuel Matxain, Luis Rezola "Tximela", Jose Manuel Arriola, Xalbador Zapirain "Ataño" eta Sebastian Salaberriri.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hamar bider bi ?
Erantzuna:
Gaiak