Hemen zaude: Hasiera / Albisteak / Jesus Alberro, Ximon Azarola eta Mari Karmen Guridi gogoratuko dituzte Brinkolan

Jesus Alberro, Ximon Azarola eta Mari Karmen Guridi gogoratuko dituzte Brinkolan

2016/02/29 17:55
Larunbatean izango da omenaldia, Arriurdin Kultur Elkarteak antolatuta.
Jesus Alberro, Ximon Azarola eta Mari Karmen Guridi gogoratuko dituzte Brinkolan

Ximon Azarola eta Jesus Alberro

Goizeko 12,30ean Jesus Alberro eta Ximon Azarola eta bere emaztea M Karmen Guridiren aldeko (Hil berria) meza izango da. Ondoren bazkaria Armuño elkartean bertsoak ere izango dira bazkaldu ondoren Bittor Agirre, Eusebio Igarzabal, Iñaki Azarola, Jokin Matxinandiarena, Satur Gereñu eta Eduardo Ribagudarekin.

Hona omenduen zenbait bertso:

GANBOSEN MORROI IZAN NINTZENEKOA

( 1.947 – 1.952 )

( I )

Ganbosen zegon martxa

nahi nuke azaldu

ikuiluari eutsi

al bazen ugaldu.

Idi parearekin

ganau janak bildu

txahalak gizentzen ziren

ta esnea saldu,

baserriak ez dezan

dirurikan galdu.

 

Zerain,Olaberri,

Izal ta Segura

begin bistan bati

zeru txiki hura.

Atxurbi Atxurekin

ta Santa Barbara

hoien barrena berriz,

zelai ta lora.

Ez nintzen ni aspertzen

Ganbostik begira.

 

Zu nolako zinan

gogoan det oso

zure babesen bizi

nintzen ni eroso.

Ekaitzak ta urteak

eginik eraso,

erori zera eta,

etzaituzte jaso.

Gaurko lege berria

hori da, akaso.

 

Agur Ganbos, bihotzez

agur berehala

zuizan zinez nere

 aterpe leiala.

Gaur egun ez daukazu

orduko itzala,

baina agintzen dizut

merezi bezela,

neretzat beti zutik

izango zerala.

BERTSO BERRIAK BRINKOLARI JARRIAK

 

Antxuma, Aitz Pagola,

Aierdi hurrena

Barrendiolarekin

laukote zuzena.

Itsaso dijoatz

Gipuzkun barrena

Olaalden biltzea

bata bestengana

orduan hartzen dute

Urola izena.

 

Trenak gelditu gabe

gora eta behera

ta beste batzuk datoz

buelta ematera.

Errepidez baditu

beste bi sarrera,

basabideak berriz,

nahi dan tokitara

mugitzeko Brinkolan

badago aukera.

 

Brinkolan ez nagola

amets egin dut bart,

horrenbeste maitasun

zergatik zuretzat.

Urrundutzen banaiz

zugandik metro bat

urruti nagoela

iruditutzen zat,

zu izan zera dena,

Brinkola neretzat.

Egilea: Jesus Alberro

Doinua: Pedro Mari Otañon doinua

 

Antxerdiko Harria

 

Hamabost urte ziran

orduan neuzkanak

oparo genituen

asmo eta planak

naiz ta entzun beharra

zaharren esanak

sasoia gori gori

apustu afanak

gu pixkat domatzea

bazituzten lanak.

 

Apustua nola zen

noa kontatzea

Antxerdiko eilorrean

harri jasotzea

erreka harria zen

zeken altxatzea

laurogei ta bi kilo

bizkarreratzea

arratsaldeko bostak

zita, azaltzea.

 

Brinkola zaharrean

bokadiloekin

galtzaile, irabazle

denok elkarrekin

baina norbait joan zen

aurrerapenakin

harria zatikatuz

joaz porrarekin

hura nork egin zuen

segituan banekin.

 

Egilea: Ximon Azarola

etiketak:
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hamar bider bi ?
Erantzuna:
Gaiak