Hemen zaude: Hasiera / Albisteak / Kepa Urzelai: “Kontsulta ez da garbia, ez du zilegitasunik”

Kepa Urzelai: “Kontsulta ez da garbia, ez du zilegitasunik”

2013/04/17 16:38
Legazpiko alkate Kepa Urzelairen esanetan, Atez Atekoaren aurkako plataformak astebururako deitutako galdeketa ez da garbia, bi arrazoirengatik: batetik, Negoziazio Mahaian elkarrengandik hain gertu egon eta gero, Plataformak Udal ordezkariekin ez duelako ezertarako kontatu galdeketa prestatzerakoan; eta bestetik, galdeketa bera planteatzeko moduagatik.

Legazpiko Udal Gobernuak prentsaurrekoa eman du gaur, Atez Atekoaren inguruan herrian sortzen ari diren hainbat prozesuren gaineko balorazioa egiteko. Atez Atekoaren aurkako plataformak datorren astebururako antolatu duen galdeketaren harira, Udal Gobernuari herritarrei galdetzea oso ondo iruditzen bazaio ere, galdeketa aurrera eramateko modua ez du konpartitzen: “Galdeketa ez da garbia. Batetik, Negoziazio Mahaian elkarrengandik hain gertu egon eta gero, Plataformak Udal ordezkariekin ez du ezertarako kontatu, unilateralki herrian giroa are gehiago gaiztotzea besterik ez dutelako bilatu nahi izan. Bestetik, galdeketa aurrera eramateko moduak ere kezka pizten digu. Bozkatzea beste baten esku uzteko aukera emateak zer sinesgarritasun eta zilegitasun ematen dio galdeketari? Emaitzak nahi bezala erabiltzeko asmakizuna besterik ez dela dirudi”, adierazi du Legazpiko alkatea Kepa Urzelaik.

Legazpiko Udal Gobernuak bestalde, salatu nahi izan du argi duela Atez Ateko mugimendu honen guztiaren atzean nor dagoen; EAJ, hain zuzen ere. Izan ere, alderdi horretako zinegotzi bat izan da Atez Ateren aurkako propagandarako mahaiak erabiltzeko eskatuz Udalera jo duenetako bat: “EAJ Bilduren Udal Gobernuari politika egitea oztopatzeko trikimailutan dabilela uste dugu eta hori ez da onargarria”, gaineratu du Urzelaik.

Galdeketaren gaiarekin amaitzeko Urzelaik erantsi du galdeketa aurrera eramateko erraztasun guztiak jarriko dituela Udalak, baina Udal Gobernuko ordezkariek ez dutela astebururako antolatutako galdeketan parte hartuko. Eta herritarrei dei egin die Atez Ateko bilketa diseinatzeko auzoz auzo egiten ari diren bileretan parte hartzera: “Orotara 600 herritar inguruk hartu dute parte orain arte antolatu ditugun hainbat bilera eta batzarretan. Eta oso modu positiboan baloratzen dugu zenbaki hori, gainera sistema definitzen duen erabakiak bertan hartuko dira.”

Udal Gobernuak argi dauka hondakinen kudeaketan urrats bat eman beharra dagoela: “Ezin da  onartu gaur egun Legazpin % 35 soilik birziklatzea. Are gehiago inguruko herrietan aurrera doazenean”. Izan ere, atzo eman zituzten gure mankomunitatean Atez Atekoa jarri duten lehen hiru herrietako datuak, eta hiru astetan, birziklatze tasa bikoiztea lortu dute, eta % 33 inguru birziklatzetik % 70etik gora birziklatzera igaro dira denbora gutxian: “Gure nahia da eredu horrekin berberarekin aurrera egitea”, esanaz amaitu du Legazpiko alkate Kepa Urzelaik.

Laburtuz, alkatearen esanetan “kontsulta ez da garbia, demokrazian pertsona bat boto bat delako eta kontsulta honek aukera ematen duelako botoa delegatzeko. Gainera, Legazpin zabor tasa ordaintzen duen edonork bozka dezake kontuan izan gabe Legazpin bizi den edo ez. Ez dute zentsorik, ez da serioa”

etiketak:
Anonimoak dio:
2013/04/17 21:12

niri grazia egiten didana hau da: Legazpian Bilduk gehiengo absolutua edukita, nola posible den gai honetan inposaketaz hitz egitea?. Akaso hautesleek ez zekiten ondo zer bozkatzen ari ziren.Bestalde den dena hain demokratikoa bada, nik ez dakit zergatik ez diguten galdetzen errauskailuaren alde edo kontra gaude.

Anonimoak dio:
2013/04/18 00:24

Alkatearen adierazpenen inguruan: 1. Botoaren delegazioaren gainean alkateak ematen dituen arrazoiak zentzuzkoak dira; demokraziaren arauak aldatzea ez da komeni.Horretan ados. 2. Herritarrei gaiaren inguruan galdetzea ondo iruditzen zaiola adierazten du: ez du sinesgarritasunik. Hala balitz, udaletxearen bitartez eta ez plataformaren bidez antola zitekeen galdeketa aspaldi egin zezakeen, berak aipatzen duen giro txarra saihestuz. 3. Plataformari zilegitasuna ukatzen dio, legalitatetik kanpo dagoelako; orain urte batzuk Trebiñoko Konterriko biztanleen kontsulta datorkit gogora, zeinari zilegitasuna ukatu zioten Konterrikoen arabartasunaren aldarrikapena eragotziz. 4. Beste behin, plataformaren eta EAJren arteko harremana salatzen du. Udaletxera jeltzaleen laguntza gabe Bildukoengana zuzenean jo behar al zuten? Akaso bai, baina honek balizko akordio hurbilaren kontua ez du balioztatzen.Elkarrizketak huts egin duela argi dago, eta segurasko denek daukate kulpa, baita Plataformakoek ere. 5. Momentu honetan Itsasondo eta abarreko herri txikietako berziklapen datuak zabaltzeari propaganda usaia hartzen diot. Datu horiek aurrerantzean halakoxeak izango direla ziurta daiteke? Itsasondo ez da Legazpi eta Legazpi ez da Donosti. Portzentaia horien konparaketa Atez Atekoaren horren aldeko izanik, zergatik ez dute Batzar Nagusietan gehiengoaren nagusitasuna lortu? Ez al dauka desabantailarik? 6. Hala ere, Keparen alde esan beharra dago kontsulta arazorik gabe gauzatu dadin bere hitza ematea urrats positiboa dela. 7. Azkenik, nere aldetik behintzat, garbi daukat ez dudala zabor kontu honetan intsumisioa egitea ondo ikusten. Atez Atekoa egin beharra baldin badago egingo dugu; alde horretatik plataformakoek gaiarekiko duten jarrera umekeria iruditzen zait.Munduaren akabera ere ez da. Nik uste dut guztiok desdramatizatu behar dugula; ez dago beste erremediorik.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira bost ken lau ?
Erantzuna:
Gaiak