Hemen zaude: Hasiera / Albisteak / Zero Zabor: "Galdeketatik kanpo nahi gaituzte, baina ez dute lortuko!"

Zero Zabor: "Galdeketatik kanpo nahi gaituzte, baina ez dute lortuko!"

2016/01/18 10:08
Legazpiko Zero Zabor taldeak oharra helarazi digu. Sistema mistoaren alde, atez ate bozkatzeko deia egiten du bertan. Honela dio oharrak:

Udal gobernu taldeak bere interesen neurrira eginiko galdeketa bat antolatu du. Horren adierazle dira azken urteetan erabili dugun sistema mistoa galdeketatik kanpo utzi izana edota herriko hainbat eragileren iritzirik kontuan hartu ez izana, besteak beste. Beraien ikuspuntuarekin bat ez datozen herritarren parte hartzerik ez dute nahi hilaren 24ko herri galdeketan.

Hori horrela izanik, eta galdeketaren kudeaketarekin ados ez egon arren, Legazpi Zero Zaborrek herritarrei galdeketan parte hartzeko deia egiten die, ATEZ ATEKO aukeraren aldeko botoa emanez.

Atez ateko botoaren alde egiten dugu, sistema mistoaren alde bozkatzeko aukera bakarra delako, galdeketatik kanpo nahi gaituztelako, beraien interesen neurrira egin duten galdekataren kudeaketarekin ados ez gaudelako, errauskailuaren aurka gaudelako, eta % 82ko bilketa tasa selektiboa lortu dugulako!

Argi eta garbi esan behar da: gure parte hartzea mugatzeko hainbat estrategia erabili dituzte.

Lehenik, udal gobernu taldeak azken urteetan erabili dugun sistema mistoa galdeketatik kanpo uzteko erabakia hartu du, % 82ko bilketa tasa selektiboa lortu duen sistema!

Ulergaitza da herriak ezagutu eta frogatu duen sistema bakarra galdeketan ez onartzea. Legazpiko herritarron lanari esker, Gipuzkoan bilketa tasa altuena duten herrien artean jarri gaitu sistema mistoaren erabilpenak.

Sistema mistoa galdeketatik kanpo utziz, kubo grisaren alde gauden guztiok galdeketan parte ez hartzea bilatu nahi izan dute. Hori horrela, sistema mistoa mantendu nahi dugunok galdeketan gure desadostasuna erakutsi eta atez ate bozkatzea beste aukerarik ez daukagu.

Bigarrenik, udal gobernuak galdeketa prestatzeko deitu zuen lantaldearen dinamika ere azaldu behar da.

Batetik, galdeketaren lantaldearen bilerak egiterako, erabaki guztiak aurrez hartuta zeuden. Horrela, eztabaida sustatu eta adostasuna bilatzeko izan behar zuten lan bilerak, informazio bilera hutsal bihurtu zituzten. Gainera, taldea sortzerako orduan herriko zenbait eragile taldetik kanpo utzi zituzten, estrategikoki. Horrela, besteak beste, TELLERIARTE ETA BRINKOLAKO bizilagunak galdeketatik kanpo uzteko asmoa adierazi zuen udal gobernu taldeak lehen bileran. Hala ere, bileran parte hartu zuten beste talde batzuetako ordezkariek egindako presioak medio, auzo horietako bizilagunak galdeketan onartu behar izan zituen udal gobernuak.

Bestetik, galdeketako galdera adosteko aukerarik eman gabe eta galdeketa-batzordeko lantaldeei horren berri eman gabe, galdeketaren azken erabakia plenora eraman zuen udal gobernu taldeak, eta horren eta beste hainbat arrazoiren ondorioz, USO, ELA, LAB eta HIRU sindikatuek, Arriurdin eta Hegialdeko auzo elkarteek eta Legazpi Zero Zaborrek lantaldea uztea erabaki zuten.

Gaur egungo udal gobernu taldeak atez ateko sistema kriminalizatzen pasa ditu azken 3 urteak, mugarik ezagutu ez duen kanpaina bat aurrera eramanez eta zaborra lurrean botata uztea justifikatzeraino. Hala ere, atez atekoaren aurkako kanpaina bultzatu arren, Legazpiko merkatari eta dendarientzako atez ateko bilketa sistema onartzen dute, Sasieta mankomunitateko herri guztietan bezala. Zergatik merkatari eta dendarientzako ona denak txarra izan behar du beste herritar guztiontzako?

Azkenik, kontraesan honen guztiaren atzean errauskailuaren justifikazioa ikus daiteke. Bilketa tasaren jaitsiera galdeketaren atzean ezkutatzean datza orain dela 3 urte hasitako kanpainaren hurrengo etapa. Izan ere, % 82ko bilketa tasa selektiboa izanik, errauskailuaren beharra justifikatzea ezinezkoa bihurtzen da. Burua ondo daukanak ez du etxe ondoan errauskailurik nahi, ezta errauts toxikoen zabortegirik ere, eta bihotz ona daukanak besteen etxe ondoan ere ez du nahi.

Galdeketatik kanpo nahi gaituztelako, bozkatzera joateko deia egiten diegu legazpiar guztiei, % 82ko bilketa tasaren alde, sistema mistoaren alde, BOZKATU ATEZ ATE.

etiketak:
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira bost ken lau ?
Erantzuna:
Gaiak