Hemen zaude: Hasiera / Albisteak / Zinea asteburuan Latxartegi Aretoan.

Zinea asteburuan Latxartegi Aretoan.

2016/11/24 18:16
Hiru filma eskainiko dira asteburu hontan, hiru saiotan. 25, ostirala: “Memoria del agua”. Zuz.: Matias Bize. 22:15ean Latxartegi Aretoan. Zine-Klub saioa. 27, igandea: "Kubo y las dos cuerdas mágicas". 17:00etan Latxartegi Aretoan. Haurrentzako saioa. 27, igandea: "Los caballeros blancos ”. Zuz.: Joachim Lafosse. 19:30ean Latxartegi Aretoan. Igandeetako saioa.

La memoria del agua

 

FITXA TEKNIKOA

 

Zuzendaria: Matias Bize. Herrialdea: Txile. Urtea: 2015. Generoa: Drama, erromantikoa. Iraupena: 88 minutu. Gidoia: Matias Bize, Julio Rojas. Produkzioa: Ceneca Producciones. Aktoreak: Elena Anaya, Benjamin Vicuña, Néstor Cantillana, Pablo Cerda, Alba Flores, Sergio Hernández, Silvia Marty, Antonia Zegers. Musika: Diego Fontecilla. Argazkia: Arnaldo Rodríguez.

 

La memoria del agua” Matias Bize zuzendari txiletarraren azkeneko filma da. Zuzendariak hainbat sari jaso ditu bere aurreko filmekin: “En la cama” (2005) eta “La vida de los peces” (2010) eta oraingoan, berriro bikotearen harremanak abiapuntu gisa hartuz, drama edo melodrama sakona aurkezten du. Filmean herrialde desberdinek hartu dute parte: Txile, Espainia, Argentina eta Alemania. Oinazeari eta atsekabeari buruzko film erabat emozionala da.

 

Filmaren hasieran Javierrek (Benjamin Vicuña) eta Amandak (Elena Anaya) osatzen duten bikotea hautsi egiten da eta bereiztea erabakitzen dute, Pedro seme txikienaren galerak ekarri dien oinazea gainditu ezin dutelako. Izan ere bakoitzak modu desberdinean bizi du dolua: Javier etorkizunari begira dago eta galera gainditzen saiatzen da euren maitasunean zentratuz baina Amandak ezin du egoera gainditu eta ez du Javierren ustezko hoztasuna ulertzen. Alde hori gaindiezina da emakumearentzako eta alde egitea erabakitzen du. Senarrak utzi egiten dio. Gidoia zuzendariak eta Julio Rojasek idatzi dute eta modu horretan azaltzen dituzte egoera traumatikoak non protagonisten galera bikoiztu egiten da: alde batetik semearen galera dago baina bestetik bikotearen haustura. Bizitzak elkarrengandik urrunduta berritzen saiatzen dira: emakumeak bikote berria du (bere senargai ohia) eta gizonak lanean jartzen ditu bere indar guztiak. Dirudienez, elkarri dioten maitasuna ez da nahikoa elkarrekin jarraitzeko.

 

Matias Bize zuzendariak bi protagonisten ikuspegietara mugatzen du ia film osoa. Ez dira iraganeko pasadizoak erakusten edo semea galdu aurretik zeramaten bizitzaren gaineko aipamenak egiten. Ia ez daude bigarren mailako pertsonaiak eta agertzen direnak ez dute pisurik kontakizunean. Informazioa dosifikatuta ematen da, poliki-poliki. Bi protagonisten emozioak dira azaltzen direnak eta gertuko planoak erabiliz ikuslearekin konektatzen da, protagonisten inguruan gerta daitekeena albo batera utziz.

 

Filmean ez da semearen heriotza erakusten baina gurasoen emozioak behin eta berriz azaltzen dira, gehiegi beharbada. Filmak naturaltasuna galtzen du horrekin eta elkarrizketak zamatu egiten dira. Oinazea gainditu ezin horrek –emakumearen aldetik batez ere− ikuslea urruntzeko arriskua sortzen du.

La memoria del agua” filmak bizitasuna irabazten du bukaerara iritsi ahala. Eutsitako oinazetik melodramara igarotzen da azkeneko eszenetan eta, amaieran, itxaropenik ezaren irudipena uzten du ikusleengan.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi 'hamazazpi' zenbakiak erabiliz.
Erantzuna:
Gaiak